Pentsio duinak orain!

 

 

img_20161002_092255

Baigera Azpeitiko jubilatuen elkarteak eta Duintasuna Elkarteak, azaroaren 1ean munduko adinekoen eguna ospatzen zela eta, ondorengo lerroekin adierazi genuen:

1.- Jubilatu eta pentsionista guztiek pentsio duin bat izateko eskubidea dute. Gaur egun, EAEan 249.579 adinekok (jubilatu guztien ia erdia) 700 € azpiko pentsioa daukate, horietatik gehienak emakumeak edo euren bizitzan lan prekarioan aritu direnak dira. Gure iritziz 1080 € izan behar luke gutxieneko pentsioa eta kopuru horretara iristen ez diren pentsionista guztiek kopuru horretara iritsi ahal izateko osagarria jaso behar lukete.

2.- Pentsio pribatuen planen aurrean, Pentsio publiko duinen aldeko aldarrikapena egiten dugu.

Gure iritziz pentsioak ordaintzeko dirurik ez dagoela (eta gutxi barru ez dela egongo) esatea gezurra da, gizartearen gutxiengoa aberasten ari denean. Etekin ekonomikoen banaketa justuago bat egin behar da. Gaur eguneko kotizazioekin soilik ezingo da gorakada doan adinekoen kopuruaren pentsioa ziurtatu, beraz ezinbestekoa da fiskalitatearen erreforma sakon bat egitea, zerga sarrerak handitzeko eta aberastasuna gaur baino modu orekatuagoan banatzeko.

3.- Babes eta Gizarte Segurantzarako Sistema Propioa sortzea eskatzen dugu, horrela gaurko eta etorkizuneko pentsio duinak hemendik bertatik bermatuak izan daitezen eta euren kudeaketa gardena eta zuzena izan dadin.

4.- Gure herriko agintariei eta herri osoari eskatzen diegu hemendik oso urte gutxi barru izango garen adineko kopuru handia kontuan izanik eta honek sortuko dituen era guztietako beharren aurrean (infraestrukturak, egoitzak, zerbitzuak, larrialdi premiak, langileak…) azterketa eta aurreikuspen plan orokor zehatzak egin ditzaten eta hauei erantzuteko plan orokorrak bidera ditzaten.

BAIGERA – DUINTASUNA