Azpeitia ezagutzen. Olatz Arangurenekin bisita gidatua

 

 

P1000834
Olatz Aranguren Juaristik gidatuta antzinako Azpeitiko hiru eraikin historiko ezagutuko genituen ekainaren 29an, bertan 45 lagunek parte hartu genuelarik, Parrokia, Magdalenako ospitalea eta Basozabal jauregia.
Orain dela urtebete inguru egin genuen txango bera, ordungoan eraikin hauek berauek ikusi genituen kanpoko aldetik eta oraingoan barruko aldeak eta berauen ezaugarri eta bitxikeriak azaldu zizkigun Olatzek.

Parrokian egin genuen denborarik gehiena, Kepa Susperregi erretoreak lagundu zigun eta, Olatzen azalpenak osatuz, elizako zirrikitu guztiak erakutsi zizkiguten, normalean ikusten ez ditugun txoko kuriosoak eta berauen historia eta nondik norakoak ere azaldu zizkiguten.
Ondoren Magdalena ospitale berritu berria ikusi genuen. Bertan bi gauza nabarmendu zizkigun Olatzek, herrian izan zuen egitekoa, bai herriko, inguruko herrietako eta Donejakue bideko erromes gaixoak artatuz eta, batez ere, legendunak edo lepradunak jasotzen zituzten bertan herritarrak ez kutsatzeko, ospitalea herriko harresietatik kanpo baitzegoen. San Inazio ere, konbertitu ondoren herriratu zenean, hementxe aritu zen ospitaleko lanetan behartsuei laguntzen.

Basozabal jauregia ikusiz, Ahaide Nagusien arteko liskarrak eta interes ekonomiko kontrajarriak azaldu zizkigun, Azpeitiko eta Azkoitiko kasuan Oinaztarren eta Ganboatarren arteko borrokak. Ingurugiro hartan Gaztelako erregeak jatorriz guztiz harrizkoak zirenak dorretxe guztien lehen solairutik gorakoak botarazia zituen defentsa funtzioa kentzeko. Hau zela eta Basozabalen ere beheko partea bakarrik da harrizkoa eta hortik gorakoa adreiluzkoa.
Bitxikeria bezala, kontatu zigun baita, Basozabalgo jauntxoak, garai hartan Azpeitiko alkate zenak, ahaldunak bakarrik izan baitzitezkeen alkate garai haietan, 1766ko garia eta artoaren matxinada hartan Azkoitiko zalduntxoekin batera zergak jaso zituen. Ondorioz, gosea eta pobrezia izugarri gehitu zen eta herriaren altxamendua izan zen, lehendabizi Azkoitian eta berehala Azpeitian, urte honetan 250. urteurrena izaten ari garen matxinada.

20:00ak aldera Baigerako Ieko tabernan eman genion bukaera jardunaldiari merienda ederrarekin.

Argazki gehiago ikusteko klikatu “Gure argazkiak” leihoan.