Pentsio publikoak bideragarriak dira

IMG-20160504-WA0003

Miren Etxezarretaren hitzaldiaren inguruan Baigerako arlo sozialeko zenbait lagunek solasaldia egin dute.

Hitzaldia orokorrean oso positibotzat jo zen, argibide asko eman ziren, planteamenduetan berritzailea eta ausarta izan zela adibidez, eta oso ulergarria gainera.

Hitzaldian zehar emandako mezuen inguruko gogoetak dira ondorengoak:

Gaur egun, gobernuaren eta bankuen partetik, hedabide nagusien bidez, ematen zaigun mezu nagusia hau da: gero eta langile gutxiago ari da lanean eta gero eta pentsionista gehiago berriz pentsioa kobratzen. Horren ondorioz, aurki, gaurko mailan pentsioak ordaintzeko dirurik ez da izango.

Baina hitzaldian ikusi genuen hau ez dela guztiz egia, eta jendearen artean beldurra sortzeko eta pentsio pribatuak hartzera bideratzeko estrategia baino ez dela.

Arazoa ez da zenbat langile dagoen pentsionista bakoitzeko, zenbat produzitzen duen langile bakoitzak baizik, zenbat aberastasun sortzen den alegia. Beraz aberastasuna badago eta aberastasun hori nola banatzen den da gakoa. Adibidez, 1977 urtearekin konparatuaz, lana egiten duen bakoitzak, bikoitza produzitzen du gaur egun estatu mailan, beraz langile/pentsionista erlazioa soilik hartzeak ez du balio ordainketa ahalmena esplikatzeko (ondorioz, hori egi erdia, edo gezurra bihurtzen da). Gakoa ez da aberastasun falta, honen banaketa baizik, kostu soziala gutxituz kapitalak diru gehiago irabazi nahi du.

Arazoa aberastasunaren banaketan dago. Espainian pentsioak lanaren kotizazio bidez bakarrik ordaintzen dira, baina osotasunean edo zerga bidez osatuz ere ordain daitezke (Europako leku askotan egiten den bezala), behar sozial guztiak ordaintzen diren bezala. Pentsionisten mantenua ere ez al da behar sozial bat, osasungintza, hezkuntza, etab., bezala? Ejertzitoa, errege etxea etab., ez aipatzearren.

2012ko aberastasunaren edo errentaren eta hauek zergetan ordaindu dutenen banaketa honako hau izan zen estatu mailan:

                                   ERRENTA               ZERGA

Lanaren errenta                  % 46/48                   % 75

Kapitalaren errenta             %54/52                    % 25

Kapitalaren errenta erdia pasatxo da eta lanarena erdira iritsi ezinik izan da, lanaren ekarpena kapitalaren hiru halakoa da. Zergatik gertatzen da hau?

Sin título

Banku eta aseguru etxeentzat negozio borobila da jubilaziorako plan pribatuena, eta hori da irtenbide bezala proposatzen dutena. Jakin behar dugu pentsio plan pribatuagatik, bankuek urteko %1,5 kobratzen dutela komisiotan, beraz garbi ikusten da bankuek daukaten interesa.

Adibidez pentsio planetan jartzen dugun dirutik, gutxi gora behera, honako kopuruak kobratuko ditu bankuak komisiotan planak irauten duen denboran:

10 urte →  %8,25

20 urte →  %15,75

30 urte →  %23,25

Pentsio pribatuen errentagarritasun/ziurtasuna zalantzagarria izan daiteke. Bestela begiratu azken hamar urtetako errentagarritasunari. Bestalde esaten digute zerga aitorpena egiterakoan desgrabatu egiten duela. Ba al dakizu kobratzen duzunean, horren %60 urteko errenta bezala hartzen dela eta horren zerga ordaindu behar duzula?

Pentsio publikoen helburua guztiengana iristea da, solidarioak dira, inor ez dadila pentsio duinik gabe gelditu. Pentsio pribatuak, berriz, indibidualismoa bultzatzen du, bakoitzak bere arazoa konpontzera bideratzen du, eta horrela ezin da gizarte orekaturik osatu. Pentsio pribatua hartzeko ahalmena duenak hartuko du eta ez duenak txirotasunean bizi beharko du azkenengo urteetan. Horrek baliabide gutxien dutenen prekarietatea areagotu egiten du.

Gizarte aurreratu batek oinarrizko betebeharrak, haurren zaintza, hezkuntza, osasuna, adinekoen arreta, etab., bere gain hartu behar ditu. Printzipio hau onartzen badugu pentsio sistemak publikoa izan behar du.

Asko errepikatzen den beste arrazoi bat adinekoak gizarteari zer gastu suposatzen diogun esatea da. Zenbat diru kostatzen zaion estatuari pentsioak ordaintzea, gizarte segurantzak jasotzen duen baino gehiago ordaintzen duela defizita sortuz. Lan-bizitzan eman ditugun urteetan sortutako aberastasunak balio ez balu bezala, gaur egun bizi ditugun aurrerapenak berez sortu balira bezala. Merkantzia bat bagina bezala hartzen gaituzte, balio ez dugunean botatzeko hondakina bagina bezala. Baina estatuaren beste zenbait erakunde ere defizitarioak dira, ejertzitoa, Errege etxea, justizia,… inor entzun al duzue horiek zalantzan jartzen eta defizitarioak direla errepikatzen? Errentagarriak al diren galdetu al da?

Adinekoak urte gehiago bizitzea lorpen bat da eta ez zama bat.

Gaur egun dauzkagun eskubide asko, pentsio sistema barne, lan eta borroka askoren ondorioz lortutakoak dira. Krisiaz baliatzen ari dira guztia deseraikitzeko, beldurra eta prekarietatearen bidez.

Gure esku egongo da, datozen urteetan ere pentsio sistema publiko itxurazkoak izatea.

Pentsio publikoak bideragarriak dira eta posible da lortzea. Eta gai hau ez da gaurko pentsionistei bakarrik ukitzen diena, batez ere, gazte eta gaurko langileei ukitzen die, biharko egunean pentsionista izango direnei alegia. Beraz, kalean borrokatzea eta instituzioei eta alderdi politikoei pentsio publiko duinak exijitzea da bidea.

Ez legoke gaizki datozen hauteskundeetan, hau zein alderdik defenditzen duen begiratzea botoa eman aurretik.