Diru-sarrerak bermatzeko laguntzak, DSBL (AGI), kentzea erabaki dute.

import_10238215_11
Marian Esnaola Uriguen, 68 urte

Debarra, 20 urtetik Donostian bizi da. Feminista eta sindikalista. Orain Duintasuna Elkarteko kide da, pentsiodun eta jubilatuen aldeko lanean eta pobrezia eta bazterkeriaren aurkako borrokan. Bere ustetan ahalmena dagoen bitartean borrokan jarraitu beharra dago.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, DSBE (RGI), kobratzen hasteko hiru urtez egon behar da erroldatuta eta erroldatu gabe dagoenak, hiru urte horietan, ez du inolako laguntzarik kobratzen. Gipuzkoan, 2012an, DSBL edo AGI ipini zuen EH Bilduk Foru Dekretu baten bidez, tarte horretan bizirauteko lain izateko, alegia oinarrizko beharrak (janaria, jantzia, etxea, etab.) asetzeko. EAJk agintera iritsi eta berehala, kentzea erabaki du, etorkinengan dei-efektua sortzen duela argudiatuta.

Argudio honen sinesgarritasunaz eta neurri honek ekarri ditzakeen ondorioez kezkatuta Marian Esnaola elkarrizketatu du Baigerak.

Noiz eta zertarako sortu zen delako DSBL (AGI) edo diru-sarrerak bermatzeko laguntza?

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) era askotako laguntzak egon dira eta izen ezberdinekin, GGD edo Gizarteratzeko Gutxieneko Diru-sarrerak, Oinarrizko Errenta 2000 urtean eta, azkenik, 2008an onartu zen DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Errenta (RGI), gaur egun indarrean dagoena. DSBE legez eskubide subjektibo gisa hartzen da eta, beraz, aurrekontu faltagatik ezin da deuseztatu, indargabetu edo murriztu. Bere xedea bizirauteko behar diren (janaria, jantzia eta oinetakoak) eta lan munduan txertatzeko oinarrizko gastuak estaltzea da. 2011 urtean Eusko Jaurlaritzak aldatu egin zuen DSBEa eta EAEn erroldatuta behar zuen derrigorrezko denbora izan zen bertan egindako aldaketa nabarmenena, 1 urtetik 3 urtera pasa zena.

Eta horrela 2012an EH Bilduk onartu zuen Gipuzkoan DSBL (AGI), Foru Dekretu baten bidez, DSBEaren (RGI) neurri zuzentzaile gisa, laguntzaz kanpo uzten baitzuen erroldan 3 urte baino gutxiago zeraman jende guztia. Beraz, ez da ordezkatzeko eredu bat, ekonomikoki babesteko neurria baizik.

Egia al da DSBLk (AGI) dei-efektua eragin duela, alegia, Gipuzkoara etorkin gehiago etorri dela beste lurraldeetara baino, laguntza horren erruz? Kentzeko arrazoia hori omen da.

Ahaldun Nagusiaren Gizarte Gaien Saileko 2015eko urriko txosten baten arabera, Gipuzkoan 2015ean 46.408 pertsona atzerritar zeuden, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INI) datu ofizialen arabera eta, horietatik, 1.422 ziren DSBL (AGI) jasotzen zuten bizikide unitateak. Berez, DSBL (AGI) jasotzen zuten onuradunak kopuru horren bikoitza pasatxo ziren guztira.

Txosten horretan bertan adierazten zen, Gipuzkoako udalik ez zela Foru Dekretu horren aurka azaldu, Irun salbu. Batzar Nagusietan edo iritzi publikoan ere ez zen gai horrekin eztabaida nabarmenik piztu. Udaletako teknikarien artean iritzi kontrajarriak zeuden (eta daude). Alabaina, erabatekoa izan zen gizarte bazterkeriaren eta pobreziaren aurka lan egiten duten talde guztien onespena, Caritas, Gurutze Gorria, Emaus, etab.

Foru Aldundiak landu duen txostena irakurriz eta DSBL (AGI) jasotzen duten pertsonen kopurua ikusiz ez ditut ulertzen erabili dituzten argudio nagusienak: desberdintasuna Gipuzkoan bakarrik dagoela eta dei-efektuarena. Esango nuke neurri hau gehiago dela zenbait alderdi politikok, krisiaren hasieratik dituzten teorien praktikan jartzea, hau da, gizarte babes sistema hobeak izatean, beste herrialdeetako jendea, atzerritarrak batez ere, erakartzen dituela ari baitira esaten. Uste dut, gainera, argudio hauek izan daitezkeela gizartearen zati bati ulertu arazteko bidera ezina dela gizarte laguntzen sistema eta, beraz, gizartearen babes nahikoa bildu nahi dute horiek ezabatzeko. Giro aproposa sortzen da, horiek ezabatzea legitimatzeko eta neurri horiek aplikatzeko aurrekontua murrizteko. Gogoratu behar da, DSBLa (AGI) ezabatzeko asmoa publiko egin aurretik, 2016ko Gipuzkoako aurrekontuetan, %48,02tik (2015) %46,78ra (2016) gutxitu zela Gizarte Politikentzako kopurua, hau da, %1,24. Aurrekontu globala 2015ekoa baino %6,02 handiagoa izan zen 2016an, baina Gizarte Politikena %3,28 igo zen bakarrik.

Ez dago inolako azterketarik, datu eta azterketa kontrastatuekin egindakorik, EAEra kanpoko jendea DSBEa (RGI), edo Gipuzkoaren kasuan DSBLa (AGI), kobratzeagatik etorri dela frogatzen duenik. Are gehiago, EAEko eta Gipuzkoako etorkinen hazkundea, oro har, espainiar estatukoaren parean mantentzen da, eta han ez daude gizarte laguntzen sistemak horren garatuak.

Kalean bolo-bolo dabil laguntzak kobratzera datozela eta ez lanera.

Ez dut uste hori egia denik. Egunero ikus ditzakegu telebista kate ezberdinetan, Euskal Herrira etorri diren pertsona horien jatorrizko herrietan zer nolako lan eta gizarte baldintzak bizi dituzten, eta nola datozen pobrezia eta inori opa ez dizkiogun egoeretatik ihesi, beraiek inolako errurik izan gabe. Pertsona etorkin gehienak ez dira hona beren gogoz etorri, bizi beharrak bultzatuta baizik, munduan gaur egun dauden desberdintasun sakonen ondorioz.

Ez da egia jendeak laguntzak nahiago dituela lana baino, laguntza horiek pobrezia larria arindu baino ez baitute egiten. Era honetan, gizarte laguntzetan diharduten taldeen iritziz laguntza hauek pobreziari aurre egiteko dira batez ere. Bestalde, lan munduan sartzea ez da laguntzen sistemen bidez lortzen.

Dei-efektuaz esaten nuen bezala, Euskal Herrian bizi ditugun langabezia tasa handien, baliabide eskasien eta krisiaren erantzule nagusi diren alderdi politikoetako arduradunek berek zabaltzen dituzten ideiak dira, kanpotik datozen pertsonak lanik egin nahi ez duten jendea diren kontuak. Diskurtso horrekin lortzen ari dira, pobretutako pertsona asko lan prekarioaren lehian ibiltzea eta gizarte laguntzarik gabe gelditzea beharrik handiena dutenak eta baztertuenak, atzerritarrak. Mezu hauek, sarritan, jarrera ez solidarioak bultzatzera garamatzate, hemen jaio izanaren aldeko eskubidea exijituz, bertakoa delako, edo beste batzuek baino lehenago iritsi delako, langabezia etorkinei leporatuz eta beraiek eginez gizarte laguntzak ez iristearen arduradun.

Jasaten ari garen zailtasun ekonomikoak, ahaztu arazi egin digute orain gutxi arte gure idearioan zegoena: lanpostu eta bizitza duin baten eskubidea, pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako borroka eta pertsona guztiok dugula duintasun berberarekin tratatuak izateko eskubidea. Eta ikuspuntu honetatik ulertu behar ditugu gizarte babeserako sistemak, estatu arduratsu baten erantzun gisa, premian daudenen eskubide bezala hartuz.

Zein dira laguntza hauek positiboki baloratzen dituztenak?

DSBLa (AGI) indarrean egotea bultzatzen zuten elkarte eta erakundeak, hau da, munduko pobrezia eta bazterkeriaren aurka lanean ari direnak. Zer gertatuko da 2018tik aurrera, gaur egun laguntza horri esker ia hiru mila lagun bizi badira? Ez dakit, agian, bakarren batzuk joan egingo dira edo lan prekarioan hasiko dira, beste batzuk Elikagaien Bankura joko dute, edo Caritasera, gizarte jan-geletara, edo ahal duten lekura, bakoitzak bilatuko du ahal duen irtenbidea.

Hori jasotzen zuten pertsonen, baliabide gutxien dituztenen laguntzan dabiltzan elkarte eta erakundeak, eta gizarteko pertsona solidario orok uste du DSBLa (AGI) edo gizarte babeserako sistemaren barruko edozein laguntza, gizarte bazterkeria egoerak orekatzea bilatzen duen administrazio arduratsu baten erantzuna dela, gizarteko justiziaren ikuspegitik. Arazo hau pertsona guztioi dagokiguna da, ez batzuei bakarrik, premia duten pertsona guztien eskubidea baita, hemengoena eta hangoena, haur, emakume zein gizon.

Ze ondorio ekar ditzake neurri honek? Txirotasuna ez al da areagotuko?

Azterketek adierazten dute, EAEko pobreziaren zenbakiak espainiar estatukoak baino txikiago badira, DSBEa (RGI), DSBLa (AGI) eta GLL (Gizarte Larrialdietarako Laguntzak) bezalako laguntzei zor zaiela. Azterketa zenbaitek esaten du Gipuzkoa dela espainiar estatuko onena Mendetasun legearekin batera gutxieneko errentaren ereduan. Ukaezinak dira pobrezia gutxitzen eta gizarte kohesioan dituen giza onurak. Beraz, geure buruari galdetu beharko genioke zer eragin izango duen DSBLa (AGI) ezabatzeak edo, oro har, zer eragin izan dezakeen edozein murrizketak.

Ezin dugu ahaztu, pobrezia eta gizarte bazterketa oso estu lotuta daudela, eta hauek biak oso loturik daudela, bizi duina eramateko beharrezkoak diren gaitasuna, askatasuna eta aukera gabeziari.

Bistakoa da xenofobia hedatzen ari dela Europa guztian. Hemen, Marotoren adierazpenak ezin ahaztu. Horrelako neurriek ez al dute zurrumurrua eta etorkinen aurkako ikusiezina areagotuko?

Javier Maroto Gasteizko alkate ohia eta PPko buruzagiaren adierazpenak oso polemikoak izan ziren bere eduki arrazistarengatik. Xenofobotzat har ditzakegu, ordea, DSBLa (AGI) ezabatzeko erabilitako arrazoiak edo Aldundiak 2015eko azaroan gai hori ebaluatzeko udalei egindako galderak ere.

Herritarren zati batek, berak bizi dituen arazo ekonomikoen aurrean, bera baino kate-maila baxuagoan dagoena, hau da, etorkina, bere gabezien erruduntzat jotzeko arriskua dago. Baina herritar hauen egoera ez dugu hobetuko beste batzuei beren eskubideak kenduta. Mezu xenofoboetatik aldendu beharra daukagu, herritarren artean barneratzen joaten baitira bestela, eta aldendu egin behar dugu horiek zabaltzen ari direnengandik ere, ondoeza eta tratu txarra ugaritu baino ez baitute egiten.

Zeintzuk izan behar dute bertakoen eta kanpotarren arteko elkar bizitza bermatzeko neurriak?

Neurri bat baino gehiago plantea daitezke.

Berdintasuna legearen aurrean, hau da, pertsona guztiek eskubide eta betebehar berberak izan ditzatela eta duintasunez tratatuak izan daitezela, generoa, jatorria edo adinari begiratu gabe.

Birplantea dezagun zer gizarte eredu nahi dugun. Lan banaketa, herritarrena barne. Oinarrizko Errenta Unibertsala, karitatea, asistentzia edo laguntza sistemen ordainez eta enpresariagok lan prekarioa sortzen jarrai ez dezan.

Politika integratzaileak, ezberdinen arteko (generoa, adina, jatorria…) elkarbizitza errazteko tresnak eta neurriak ezarriz, eta pertsona guztien garapena eta ongizatea lagunduz.

Euskal Herrian aberastasun asko dago. Aberastasun banaketa egin behar da. Zerga erreformak, gehien duenak gehien jarri dezan.