Hizkuntzen ezagutza
Gazte bat hor aurkezten da Lanbidera, bere eskaintza egitera, oso dotore jantzita, alkandora zuria eta galtza estuekin eta leihoz leiho aurpegiko azala lodi samartuta.
Leihatilan zegoen zerbitzariak datuak eskatu dizkio eta bai besteak eman ere, izen deiturak eta gainerakoak.
Halako batean galdetzen dio zerbitzariak:
–Eta zuk zer prestaketa dituzu ba?
–Hiru hizkuntza menperatzen ditut, euskara, gaztelania eta ingelesa.
–Ingelesa zer maila-edo daukazu?
–Zuk galdetu nahi duzuna eta nik erantzungo dizut.
–Do you speak English?–galdetzen dio leihatilakoak.
–Oui –erantzuten dio.
–Baina hori frantsesa da eta!
–A! Apunta ezazu beste bat gehiago orduan.
Gaizkileak identifikatzen
Polizia gaien promozio berri bateko erreklutekin ariketa praktikoa zuen kapitainak: gaizkilea nola identifikatu kalean ikusiz gero.
Argazkia jarri zuen kapitainak aurrean eta galdetu zuen.
–Ea nor ausartzen den. Nola identifikatuko zenukete argazkiko gaizkilea kalean ikusiko bazenute?
Boluntario batek eskua altxatzen du.
–Nola igarriko zenioke zuk gaizkileari? –kapitainak galdera.
–Nire kapitaina, begian. Begi bakarra duenez laster ezagutuko nuke.
–Zu ez zaude burutik sano –kapitaina bere onetik irtenda–. Nola esan liteke begi bakarra duela? Ez al duzu ikusten perfilez dagoela? Eseri zaitez berehala, bestela…!
Kapitainak gainerakoei begiratzen die ea norbait ausartzen den. Hor altxatzen du beste batek ere eskua.
–Ea ba, zuk nola antzemango zenioke?
–Ba, nire kapitaina, nik belarritik ezagutuko nuke, nola bakarra daukan, erraza izango da antzematen.
Kapitaina, zeru eta lurreko santu guztiak dantzan jarrita, sutan.
–Baina zu zer, niri adarra jotzen ez zara ba ariko? Aurrekoari esan ez diot ba, perfiletik dagoela eta perfiletik ez dela begi bat eta belarri bat baino ikusten. Hori jakiteko ez dago polizia izan beharrik. Eseri zaitez berehala, bestela emango dizudan zaplaztekoarekin, paretak emango dizu eta bestea.
–Ea, ez al dago inor?
Han altxatzen du beste hirugarren batek ere eskua.
–Espero dut zentzuzko zerbait esango didazula, bestela! Zuk nola antzemango zenioke gaizkileari?
–Nire kapitaina, lentilak dituelako.
–Hara! Oraintxe harrapatu nauzu. Ez dakit datu hori, baina berehalaxe jakingo dut.
Deitzen du zentralera eta, bai, lentilak ditu gaizkileak.
–Oso ondo, gazte. Zu eta ni ondo konponduko garela uste dut. Eta nola antzeman diozu ba lentilak dituela?
–Nire kapitaina, logika hutsa. Begi batekin eta belarri batekin betaurrekorik jantzi ezin delako hain zuzen.