Erriberri (Olite) – Azagrara ibilaldia

Erriberri

Azpeititik irten eta Erriberrira (Olite) iritsi ginen 10:30 aldera.

Han Marco Real upategia ikusi genuen, urdaiazpiko otartekoarekin bertako ardoak dastatuz.

Handik Erriberriko gaztelua ikustera joan ginen, gia batek beroni buruzko zertzeladak azaldu zizkigularik. Carlos III.a, Nafarroako erregearen aginduz eta diruz egindako gaztelua, garai hartako Europa osoko gaztelu aberatsenetakoa berau.

Errege-erreginak eta beren gortesauek gazteluan egiten zuten bizitza, bertako zerbitzari eta soldaduek zuten eginkizuna eta bizimodua, gazteluak zuen Nafarroako erresumaren muga-defentsa funtzioa eta abar azaldu zizkigun giak.

Izugarrizko boterea zuten garai hartako Nafarroako erregeek, lurralde oso zabaletan zuten aginpidea eta harreman estuak zituzten beren inguruko errege familiekin, batez ere ezkontza bidezko loturak eta harremanak, garai hartako erregetza familiekin, bai hegoaldekoekin, Gaztela Aragoikoekin eta bai iparraldekoekin, Pabe, Toulouse eta Pariserainokoekin, Nafarroako erregea Parisen errege izendatzerainokoak.

Lehengo kontuak hausnartuz Erriberrin buelta batzuk eman ondoren Azagrara joan ginen bazkaltzera, ordu erdi inguru.

Bazkari ederra, bingo saiotxoa eta dantza saio dexentea bazkaria asentatzeko.

Etxerakoan Iruñean ordubeteko geldialdia eta 19:00ak aldera etxera.

Argazkiak ikusgai “Gure argazkiak” leihoan.