Zer egin menopausiaren aurrean

ANE MAKEDA ERUIN
ANE MAKEDA ERUIN

Gogora dezagun aurreko artikuluan menopausiaren inguruan aritu ginela, zer den eta zer izan ditzakeen sintomen inguruan alegia. Oraingo honetan, sintoma horien aurrean zer egin dezakegun adieraziko dugu.

Garrantzitsua da bizi kalitate osasuntsua mantentzea. Horretarako, beharrezkoa da emakumeek paper aktiboa izatea menopausiaren aurrean. Hori lortzeko, lagungarri izan daiteke, elikadura zaintzea, kirola egitea, gure osasunarentzat kaltegarriak diren ekintzak albo batera uztea eta gogo-aldarte egokia bultzatzea.

Elikadurari dagokionez, alde batetik, egunero fruta eta berdurak jatea gomendatzen da. Gainera, gordinik mantentzen diren begetalak egokiak dira elikadura osasuntsua izateko. Bestetik, karbono hidratoak (zerealak, arroza, pasta, patatak…) gutxitzea gomendatzen da.

Gantzen kontsumoa ere zaintzea ezinbestekoa da. Animalietatik datozen gantzen kontsumoa hain zuzen ere. Izan ere, gantza mota honek odoleko kolesterol gaitasuna handitu dezake eta, horrela, arteriosklerosiaren agerpena bultzatu. Gantza mota hau honako elikagaietan aurki daiteke: hestebeteak, hirugiharra, koipea, gurina, esnegaina, esne osoa… Aldiz, interesgarria litzateke arrain urdinaren kontsumoa handitzea. Baita oliba-olioa, olio-landareak eta fruitu lehorrak ere.

Menopausiaren aurrean, kaltzioak paper garrantzitsua hartzen du osteoporosiari aurre egiteko helburuarekin. Horregatik, kaltzioa duten elikagaiak hartzea gomendatzen da egunean hiru bider, hezurren masa mantentzen laguntzeko.

Bestetik, jakin badakigu gorputzean hidratazio maila egokia mantentzeak onurak dakartzala. Hidratazio egokia mantendu ahal izateko, egunean litro erdi ur edatea gomendatzen dute adituek. Ur premia hori bete dezakegu, ura edanez, edo infusioak, fruta eta berduretan aurki daiteken urarekin ere.

Elikadurarekin amaitzeko, eguneko jatorduak 4 edo 5 jatordutan banatzea aholkatzen da, baita jatordu bakoitzeko kantitatea gutxitzea ere. Izan ere, jatordu irregularrak eta jatordu batetik bestera tarte luzeak uzteak hipogluzemia sor dezake, berau delarik menopausiako beroaldien erantzuleetako bat.

Kirolari dagokionez, egunean ariketa pixka bat egiteak ez du inongo kalterik egiten, paseatu, mendira joan, bizikletan ibili… Bizi kalitate aktiboa mantentzeak bihotzaren funtzionamendu egokia izaten laguntzen du. Gainera, osteoporosia saihestu edo atzeratu dezake.

Azkenik, gogo-aldarteari erreparatuz, goza ezazu denbora libreaz, inguruko pertsonez. Gustukoak diren ariketak eginez gusturago senti zaitezke, denok dakigu zoriontsu sentitzen garenean indar gehiagorekin aurkitzen garena. Beraz, animatu eta egin benetan zoriontsu egiten zaituena.