Menopausia

ANE MAKEDA ERUIN
Ane Makeda Eruin Arremanitzeko kolaboratzailea

Menopausiaren kontzeptua gaur egun oso entzuna dela ez dago inongo dudarik, baina benetan, ba al dakigu zer den eta zer ondorio izan ditzakeen emakumearengan?

Hasteko, menopausia zer den ulertu ahal izateko bi kontzeptu bereizi behar dira, alde batetik, menopausia bera eta bestetik klimaterioa. Menopausia zera izango litzateke: emakumeetan, orokorrean, 45-55 urte bitartean gertatzen den aldi naturala, bizitzako azken hilerokoa bezala ere deskribatua. Aldi horretara heldu garen ala ez baieztatzeko, 12 hilabetean ez luke inongo odol jariorik agertu behar.

Klimaterioak berriz, menopausia baino lehen eta menopausia ondorengo aldiari egiten dio erreferentzia, eta bertan agertzen dira sintometako batzuk. Menopausiaren aldia gerturatzen ari den heinean, obulutegiek estrogenoen jarioa gutxitzen dute eta aldaketa hormonal horrek eragingo ditu jarraian azalduko ditugun sintomak.

Baina, ez dugu ahaztu behar emakume guztiak desberdinak garen aldetik, sintoma hauek intentsitate ezberdinetan aurkez daitezkeela, edo eta ez agertu. Hauek dira sintoma ohikoenak:

Beroaldiak:

Aurpegian, lepoan, bularrean eta bizkar aldean ager daitekeen beroaren bat-bateko sentsazioa. 30 segundo eta 2 minutuko iraupen tartearekin eta izerdiarekin agertu daitezke.

Genitaletan gerta daitezkeen aldaketak:

Alde batetik, baginaren gaitasunen galera, hau da, lubrifikazioa gutxitzea. Bestetik, baginaren malgutasuna gutxitzea, berau izan daitekeelarik harreman koitalak izaterakoan senti daitekeen minaren eta izan daitezkeen infekzioen erantzule.

Bestetik, uretra eta maskuriaren aldaketak: txiza egiterakoan mina, txiza ezin eustea eta gernu infekzioak ugaritzea.

Aldaketa Psikologikoak:

Hormonen aldaketen ondorioz umore aldaketak, suminkortasuna, herstura eta baita depresioa ere ager daiteke.

Hurrengo artikuluan sintoma hauen aurrean egin daitekeenaren inguruan arituko gara, hau da, sintoma hauek gutxitzeko asmoarekin aurki daitezkeen aldizkatzeen inguruan.

Amaitzeko, gogoratu, sintomen agerpenean emakume bakoitza bakarra eta errepika ezina dela, beraz, ez dugu zertan aldaketa hauek ingurukoek bezala bizi eta sentitu beharrik.