ARANTXA ALDAZ |DONOSTIA.
2014ko irailaren 22ko Diario Vascotik hartu eta Baigerak euskaratua
Ez dago egun hauetan ikastetxe atarietara, haurren jolas-parkeetara edo eskolaz kanpoko jarduera akademikoetakoetara begiratu besterik, haurren bila doazenak aiton-amonak gehiago dira gurasoak baino. Pertsona nagusiak funtsezkoak dira etxe askoren sostenguan, edozein familiak daki hori inork esan gabe ere. Alabaina, ukitzen dugun eguneroko errealitate hori ez da horren garbi islatzen adinekoez egindako azterketetan. Txosten gehienetan ikuspegi ezkorrez ikusten da gizartea zahartzen ari den kontua, horrek gizartearentzat dakarren gastua nabarmenduz: pentsioak, mendetasun zerbitzuak, osasun sistema. Gutxitan baloratzen da gizarteari egiten dioten «ekarpen produktiboa». Maria Angeles Duranek, ordaindu gabeko lan honen ikertzaile entzutetsuenetako batek, bere aletxoa utzi digu, pertsona nagusiek Euskadin duten zeregina nabarmentzeko.
Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) soziologoak, ofizialki jada jubilatuta ad honorem ikerlari gisa, bi urtez lan egin du Matia Institutuarekin, beste erradiografia bat, errealitatetik hurbilen dagoena erakusteko. Ikerketa, Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, eta datu-bilketa zabal baten bidez erakusten digu, nola adineko pertsonek beren bizkar hartzen duten Euskadiko zaintza-lanen hirutik bat pasa. «Ekonomia ez kontabilizatuaren erreserbako armada dira», azpimarratzen du Duranek, beste estereotipo batzuek ere ezabatuz. Zaintzaile-lana ez da beren eginkizunetako bat baino. Izan ere, Euskadiko mugigaitzen parkearen hirutik bataren jabe dira; pentsioen bidez errenta homogeneizatuak dituzte; eta beren diru-sarrerak ertainak edo apalak badira ere, beren posizioa hobetzen lagundu du krisiak, beste giza-talde batzuekiko, gazte eta langabetuekiko adibidez, hauetako askoren babes ekonomiko ere badirelarik. «Potentzia ekonomiko bat osatzen dute, bai hilero jasotzen eta kudeatzen dutenaren zenbatekoagatik eta baita beren egonkortasunagatik eta pilatutako ondarearengatik ere», dio txostenak. Bistakoa denez, talde oso heterogeneoa osatzen dute, eta, beraz, ez da orokortu behar. Banakako argazkiak, errenta eta ondare mailetan, aldeak erakusten ditu giza-talde guztietan gertatzen den bezala.
Etxea tailer
Duranek, etxeak, «zerbitzu tailerrak» direla dio, eta beren produkzio maila ezin daitekeela alderatu «beste ezein produkzio sektorerekin, ez bolumenean ezta garrantzi ekonomikoan ere». Familia egitura horretan, giza-talde ugaria nabarmentzen da, beste ‘langile’ familiarrek ez bezala, ondasunik preziatuena duena: ordu libreak, eta horrek «diana ezin hobeak» bihurtzen ditu, gizartean ugaritzen ari diren, biloba zein mendetasuna duten beste pertsona nagusiagoen zaintza-lanen arduretarako. Eskura egote horretan beste faktore bat ere gehitu behar da: gero eta bizi-baldintza eta osasun hobearekin iristen dira erretirora. Batez ere, «nagusi gazteak» deitzen direnak, 65 eta 75 bitarteko adin-tartean daudenak, talde osoaren erdia baitira.
Ezohiko baldintza hauen ondorioz, familia askoren ekonomien benetako salbatzaile eta kontziliazio arazoen irtenbide bihurtu dira, are gehiago krisi garai hauetan, kanpoko norbait kontratatzeko baliabide ekonomikoak urriagoak edo ezinezkoak direnean, dio. «Behar dituzten gutxi batzuk bakarrik ordain ditzakete zaintza-lanak», egiaztatzen du txostenak. Mendetasuna dutenen zaintzaren %85, adibidez, zaintza ez formalean oinarrituta dago. Mendetasuna dutenen etxekoek beren lana mantendu nahi badute, zaintzaren zama «familiako beste batzuengan erortzen da, eta kasu askotan lan merkatutik bidaliak izan direnengan, horien artean etxeko andreek eta jubilatuek hartzen dute lan handiena», eransten du. Nolanahi, hauen izaera bikoitza ere nabarmendu behar da: alde batetik, zaintza jasotzen duten edo jaso dezaketen giza-taldea dira, eta aldi berean beste pertsona batzuen zaintzaileak dira.
Beren ekarpenaren balioak, emakumezkoenak batez ere, ez du bat egiten zahartzaroaz ematen zaigun irudi distortsionatuarekin, dio Duranek. Hasteko, ez dago argi zer ulertzen den pertsona nagusia diogunean. Hitz horren gaineko irakurketa ezberdinen adibidetzat, 2010eko IMSERSOren inkesta bat aipatzen du soziologoak, non elkarrizketatuei galdetu zitzaien, «pertsona nagusiak» zer esan nahi duen beren ustez. Hirutik batek baino gehiagok erantzun zuen ez dela hori adinaren arabera izaten. %26k esan zuen 75 urtetik gorakoak direla, eta %4k, 70 urtean jarri zuen muga. %16k bakarrik erantzun zuen 65 urtetik gorakok direla, estatistiketan gehien erabiltzen den terminoaren arabera. Definizio honi kasu eginez, Euskadin 440.116 pertsona nagusi daude, biztanle guztien %20 pasa.
Muga batekin
Ignacio Buquerasek, Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzorde Nazionaleko lehendakariak, askotan esan izan du: «egunen batean, gure aiton-amonek beso erorien greba bat egingo balute herri osoa geratuko litzateke». «Begien bistakoa da, gaur eguneko ordutegiek denongan dutela eragina, ez baitute uzten bateratzen bizitza pertsonala, familiarena eta lanekoa; eta, bereziki, emakumeak, haurrak eta pertsona nagusiak kaltetzen ditu», jarraitzen du esaten, ordutegi «malguago eta gizatiarragoen» eske, urteetako bere gurutzada amaigabean.
Buquerasek gainera, pertsona nagusien lan eztabaidaezin honekin batera azaleratzen den beste gai bati heltzen dio. «Oreka bilatu behar da» biloben zaintzaren eta hori aiton-amonentzat bihurtzen den zamaren artean. Inplikazio hori derrigorrezko betebehar bihurtzen denean orduan sortzen da arazoa. Baina gehienek erantzuten dute, haurren zaintzak, beraiei lana baino poza gehiago ematen diela. Baliozko sentitzen dira, beren seme-alabak lanera joan ahal izatea lortzen dute eta horrek ere zoriontsu egiten ditu.