AZPEITIKO BAIGERAK HERRIKO PENTSIODUN , JUBILATUEI ETA HERRITAR ORORI GUTUNA
Urte berria hemen da eta asmo berriekin hasi gara Baigeran.
Izan ere urtero bezala guri dagokina da Baigerako Batzordea berritzeko jende berria bilatzea.
Batzordea berritzea eskatzen digu gure funtzionamendurako dugun estatutuak.
Estatutuak dio bi edo lau urterako epealdian arituko direla batzordekideak.
Eta, zein da gure egoera? Ba batzordea osatzen dugun zortzi kidetako bostek urte horiek denak gaindituta ditugula eta ondo gainera.
Baigerak aurten 1840 bazkide ditu eta 55etik 70era arteko adin tartea hartzen badugu berriz, 432 bazkide.
Ikusten duzuen bezala potentzial handiko jende multzoa da gurea eta hori guztia antolatu eta martxan jartzeak lan piskat eskatzen du.
Hori da Baigerako batzordearen eginkizuna hain zuzen ere; urteko ekintzen egutegia osatu eta kurpila martxan jartzea.
Batzordea osatzen dugun taldeko bi sarreran egoten dira jendea artatu eta ekintzetarako zerrendak osatzen. Beste hiru kudeaketa lanak egiten ekintza horiek ahalik eta ondoen burutu daitezen. Diruzaina dugu gero, ditugun diru sarreren eta irteeren gastuak doitzeko. Zazpigarren kidea idazkaria da eta honen eginkizuna aktak, gutunak, bestelako idatziak eta urteko memoria idaztea da. Gero lehendakaria dago dena ondo joan dadin taldea koordinatu, gainbegiratu, udaletxeko arduradunekin kontaktuan egon, bilerak antolatu eta dena gainbegiratu eta bideratzeko.
Hau dena astean hiru egunetan pare bat ordu sartuta ahalegintzen gara aurrera ateratzen ahalik eta txukunen.
Baina kontuan hartu behar dugu hau denon lana dela eta bakoitzak aletxoa jarri behar duela batzuek urteak eta urteak pasatu behar izan ez ditzaten.
Odol berria behar dugu ideia berriak ekarriko dituena, beharrezkoa dena mantendu eta ideia berriekin aire berri eta eguneratuago bat emango diona Baigerari.
Badakizue, zerbait egiteko gogo piskat baduzue herriagatik, jubilatuen taldeagatik eta zure buruagatik ere bai azken finean, animatu, hurbildu Baigerara eta galdetu, argibide guztiak emango dizkizugu-ta.
Komunitateagatik egiten den lanak dirurik ez dizu emango baina asebeteko zaituela ez dudarik izan. Eta horrek asko balio du.
BAIGERA
